Goiz-deiaren sustrai sakonak
Goiz-deia txistulari taldea ez da halabeharrez sortutako taldea. Legazpiko historian errotutako “txanbolinen” ondorengoak dira, batetik, eta 1960. hamarkadan indarrez sortutako txistulari bandaren oinordekoak, bestetik. Begira dezagun pixka bat atzera.
Legazpin txistularien jarduerak tradizio luzea du eta haren zuztarrak antzinako denboretan barneratzen dira. Hori bai, ez dira, txistulari izenez ezagutu izan historian zehar. Agirietan “tamboritero”, “músico” eta abar modura ikusiko ditugu behin eta berriz. Ahozko tradizioan, berriz, “txanbolin” erabili izan da oraintsu arte. Horren adibidea da Roque Azpeitia txistulariari “Roke Txanbolin” deitzen zitzaiola Legazpin XX. mendearen hasieran. Haren ondotik etorri zen Florentino Iturberi ere “Txanbolin” esaten zitzaion. Eta txanbolinak izan ziren, halaber, Daniel Paternain, Roberto Aseginolaza, eta Facundo Urzelai, gerra aurretik.
Bada, txistulariak eta txanbolinak oso garrantzitsuak ziren Legazpin eta Euskal Herrian. Pentsa zenbateraino, Kontsejuak urtero urtero diru kopuru jakin bat erabiltzen zuen haiek ordaintzeko, beste hainbat zerbitzuetan bezala: oinarrizko heziketa, medikua, alondegia...
Ez zen igande edo jai-egunik izaten txanbolinik gabe. Hala, goizetan meza nagusiaren ondoren, lehenik, eta arratsaldeetan, bezpera eta errosarioaren ondoren, bigarrenik, txistulariak jo beharra izaten zuen. Baina baita beste egun batzuetan ere: San Joan bezperan, Inauterietan, Gabonetan, jai-erdietan… Eta egun handietan, gainera, goiz-deia ere egin behar izaten zuten.
XX. mendearen hasierara arte, lagun bakarra kontratatzen zuen Kontsejuak musikari lanak egiteko, baina gerra aurretxoan “txanbolinaz” gain, atabalaria, lehenengo, eta bigarren txanbolina, geroago, kontratatzen hasi zen. Momentu horretatik aurrera, hain zuzen, txistulari taldeaz hitz egin dezakegu.
1960. hamarkadan Kontsejuak txistulari lanpostuak eskaintzeari utzi zion eta, haren ordez, zerbitzua kontratatzen hasi zen. Izan ere, Txistulari Banda sortu berria zen eta haiekin hasi zen tratuan. Lehen Banda hartako kideak hauek izan ziren: Jose Inazio Elorza, Jesus Maiztegi, Jose Mari Gastañares, Javier Azpiroz eta Juan Jose Cantero. Lehenengo emanaldia 1962. urteko Gorpuxti egunean izan zen.
Banda horren sorrerarekin txistulariek indar handia hartu zuten Legazpin eta kide gazteak sartzen hasi ziren. Gero eta ekitaldi gehiagotan parte hartzen hasi ziren, gainera. Lehenengo urteetan Jose Inazio Elorza izan zen zuzendaria, eta haren ondotik honako lagun hauek hartu zuten ardura: Julian Auzmendi, Jesus Maiztegi, Aitor Madina, Igor Azpiroz, Gurutze Arruabarrena, Unai Olaizola eta Beñat Olaizola.
Goiz-Deia izena 1997. urtean hartu zuen taldeak udalean arautegi berria ezarri zenean.
Amaitzeko, aitor dezagun Goiz-Deia txistulari taldearen gaurko kideek meritu handia daukatela tradizioa horren bizi eusteagatik, gauzak ez baitira "berez" egiten batzuk uste duten bezala.
Izenak