Galdotseko Makibartarrak
Irailaren bigarren hamabostaldiak Galdotseko jatorriko bi makibartar eraman ditu betirako, elkarren jarraian. Juanito, lehenengo, gazterik; Antselma, ondoren, zahartuta, 105 urterekin. Senitartekoek utzitako hutsunea oso mingarria dela dakigun arren, heriotza horien harira Elbarrenako makibartarren aipamen txiki bat egin nahiko genuke.
XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran zortzi seme-alaba izan zituzten Galdots baserrian bertan jaiotako Pedro Makibarrek eta Tolosan jaiotako Joxepa Antoni Arrillagak: Juan, Emeterio, Antonia, Justa, Antselma, Bittori, Felix eta Javier, hurrenez hurren, zaharrenetik gazteenera.
Antselma, aste honetan hil dena, Basilio Elizalderekin ezkondu zen, eta aspaldian Donostian bizi zen. Juanito iloba (Felix Makibarren semea), berriz, Isabel Aztiriarekin ezkondu eta Legazpin bizi zen. Antselma Galdots baserrian jaio zen; Juanito, berriz, handik urrutira gabe, Lekuonaetxeberri etxean, biak Elbarrenan.
Elbarrena auzoa urtetik urtera hustutzen eta hondatzen ari bada ere, tailerrak direla, errepideak direla... oso auzo dinamikoa izan da mendeetan eta mendeetan, eta ez da kontakizun eta istoriorik falta bertan bizi izandakoen ahoetan, eta paperetan, jakina. Askori sinesteak lanak ematen badio ere, jakin behar dugu hango etxe, soro, erreka, baso, harrobi, bide eta abarrek bizipen ugari gordetzen dituztela bere baitan.
Halabeharrez, bertako baserriak eta bertan bizi izandako bizilagunak ezkutatzen ari dira.
Besterik gabe, izan daitezela lerro gutxi hauek joan diren bi herrikideak gogoratzeko eta Elbarrenaren iragan aberatsa aldarrikatzeko.
Argazkian ikusten direnak hauek dira:
1. Felix Makibar
2. Coro Ramirez Makibar
3. Basilio Elizalde
4. Bittori Makibar
5. Juan Makibar
6. Justa Makibar
7. Javier Makibar
8. Antselma Makibar
9. Maria Murua
10. Teodora Aiastui
11. Ramona Sarasola
12. Fidel Marcos Arrillaga
Galdots baserria 2008. urteko urtarrilean