Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aurrekontuak aurkezteko bilerak
Dokumentu Akzioak

Aurrekontuak aurkezteko bilerak

2011/11/09

Datorren urteko aurrekontuak aurkezteko Gipuzkoako Foru Aldundiak bilerak egingo ditu eskualdeka. Gureari dagokiona azaroaren 11n egingo da, Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan. Besteak beste, Martin Garitano diputatu nagusia izango da bertan eta alderdi guztietako zinegotziak, eskualdeko gizarte eragileak eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Honela dio diputaziotik iritsi zaigun oharrak:

Donostia, 2011ko urriaren 28a

Gipuzkoa ere krisi ekonomikoak jota dago; zuek, herritarrok, inork baino hobeto dakizue hori. Krisialdiak ondorio larriak ekarri ditu, eta agerian utzi du nolako kalteak eragin dituen politika egiteko orain arteko moduak; neurrigabeko zorpetzea ikusi besterik ez dago. Beste eredu bat eraiki behar dugu, beraz, herritarrak ardatz hartuta, eta zorroztasunean eta gardentasunean oinarrituta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuak aurkeztu ditu Batzar Nagusietan. Krisiaren eragina nabarmena da haietan. Dena dela, itxaropena ere nabaria da, arestian aipatutako eredurako lehen urratsak eman ditu-eta Foru Aldundiak.

Zuei ere aurkeztu nahi dizkizuegu aurrekontuak: herritarrei, Gipuzkoako gizarte eragileei eta elkarteei, gipuzkoarren ordezkariei… Gipuzkoako Foru Aldundiak argi du denon artean eraiki behar dugula etorkizuna, eta horrexegatik, herritarrek parte hartze zuzena izan behar dutela aurrekontuak egiterakoan; horixe da gure eredua. Aurten, ordea, ezin izan dugu halakorik egin, duela lau hilabete kargua hartu zuenetik, Foru Gobernua buru-belarri ibili delako egoera ekonomiko zailari aurre eginez eta hartu beharreko neurriak hartuz. Hala ere, oinarria jarri nahi dugu aurten: herritarrei hitza emango dien politika berri horren oinarria. Aurrekontuen berri eman nahi dizuegu bertatik bertara, eta gure gogoetak eta asmoak partekatu nahi ditugu zuekin.

Horregatik, bilerarako gonbitea egin nahi dizuet. Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkari eta ni neu eskualdez eskualde ibiliko gara datozen egunotan. Bilera horietako edozeinetara etor zaitezkete, noski, baina zuentzat egokiena delakoan, honako hau proposatu nahi dizuet:

Non: Beasain (Igartza Jauregia)

Noiz: Azaroaren 11n, 19:00etan.

Bertan elkar ikustea espero dut denon artean Gipuzkoa eraiki dezagun. Har ezazue nire agurrik beroena,

Martin Garitano

Gipuzkoako diputatu nagusia

 

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.