Hemen zaude: Hasiera Albisteak Felix Pinillosen bilduma Nafarroan ikusgai
Dokumentu Akzioak

Felix Pinillosen bilduma Nafarroan ikusgai

2009/06/03

Felix Pinillos legazpiarrak berak egindako argizaiola bilduma erakusgai jarri du Nafarroako Urantzi (Los Arcos) herrian, bertako Kultur Etxean, ekainaren 2tik 20ra. Argizaiolen lehenengo erakusketa 2002. urtean egin zuen Legazpin, eta esan behar da geroztik leku askotan erakutsi duela.

Erakusketan argizaiolak hiru multzotan sailkatzen dira: FORMA, DEKORAZIOA eta BILAKAERA, eta hainbat testu eta irudi tartekatzen dira. Era horretan, argizaiolen esanahia eta sinbolismoa azaldu nahi zaio bertaratzen denari.

Hauek dira erakusketan azaltzen diren testuak (Luis Angel Agirrek moldatuak)

Argizaiolak

Argizaiola zurezko altzari xume bat besterik ez da, baina bere baitan heriotzarekiko herri baten sinesmenen zati bat gordetzen du.

Hilobian edo elizan, familiak bere hildakoei eskaintzen dien argizari-bildumena biltzen duen ohola izaten da, gehienetan landua.

Ikuspegi antropologikotik haratago, erakusketa xume honekin argizaiolak, moldez eta formaz, antzinako beste kulturetan eta gaur egunekoen artean dituen estekak agerian uzten saiatuko gara, aldi berean forma horiek islatzen dituzten sinesmenak ahantzi gabe.

FORMA

Argizaiolek, behin eta berriz, forma jakin bat erakusten dute: gizakiarena. Argizari-bildumena gorputzean biltzen da. Hortik gorputz-adarrak eta burua – heldulekua - sortzen dira. Forma hori hilik dauden gizakien figurazioa da.

Hainbat kulturetako arte erlijiosoan ohikoa da gizaki figuraren erabilera hildakoen arima irudikatzeko. Dena den, esan beharra dago, zeinahi arte adierazpenetan, bai antzinako artean, bai arte garaikidean, giza gorputza oinarrizko forma dugula. Forma antropomorfoak, hala, historiaurreko zibilizazioetan, kristauen kulturan... asko landu dira. Gaur egungo eskulturetan ere, gizaki itxura erabiltzen dute hainbat autoreek bizitzaren indarra islatzeko.

DEKORAZIOA

Gurutzeak; zirkuluak, arrosetoiak (eguzkiaren irudikapenak, apika); kakotxak; espiralak (landare dekorazioaren estilizazio moduan, kasu batzuetan)... Motibo horiek guztiak topa ditzakegu gure argizaioletan. Dena den, gure herriak landu izan dituen beste arte adierazpenetan ere aurki ditzakegu, hala nola, kutxak, hilarri diskoideak, jarlekuak, uztarriak eta abar.

Ez da erreza dekorazio mota horien esanahia antzematea. Esanahi sinboliko edo erlijiosoa al zuten hasiera batean? Ala formen imitazio hutsagatik egiten zituzten helburu dekoratibo soilarekin? Ez dakigu.

Hala ere, beste kulturetako arteetara begiratzen badugu, erantzunera hurbiltzeko pista batzuk jaso ditzakegu. Izan ere, dekorazio mota horiek arte erromatarrean eta arte bisigodoan (K.o.VII. mendean) azaltzen zaizkigu, zentzu erlijiosoan gehienetan. Landare dekorazioa, bestalde, Errenazimenduko artetik eta arte Barrokotik jaso zuen euskal arteak, eta ez dirudi arte mota horietan zuten esanahitik aldentzen direnik.

J. Caro Baroja ikerlariak zioenez, elementu geometriko batzuk – zirkuluak, arrosetoiak... – erlazionaturik egon daitezke euskararen hizkuntzaren ikerketak islatzen dituen hainbat ideiekin. E.b.: Zirkulua : Eguzki (egu-zki) : ‘egunaren argia’.

Modu horretan, dekorazio mota horiek esanahi mistikoa ere izan dezaketela uste dugu.

BILAKAERA

Javier Amorosen hitzek (San Telmo Museoak Argizaiola liburuxkan argitaratuak) ondo baino hobeto azaltzen dute argizaiolen bilakaera historikoa. “Argizaiolen jatorriari buruz mintzatzen hasita, badirudi –usterik zabalduenaren arabera- XVI edo XVII. mende hasieran egiten hasi zirela. Gotiko izaera edo gotiko ezaugarririk duten argizaiolak, behintzat, ez dira inoiz aurkitu."

“San Telmo museoko gure argizaiolik zaharrenak barroko garaikoak dira. Argizaiola goitik behera zeharkatzen duten dekorazio nabarra horren froga garbia da."

“Hilak eliza barruan lurperatzen hasi zirenean, orduan sortu bide ziren argizaiolak. Baieztapen hau denek onartzen dute.”

“Horrela, bilakaera prozesu baten bidez, argizaiola itxuraz aldatuz joango da, harik eta bere itxura antropomorfoa, bere apaingarri aberatsak eta bere jatorrizko silueta ere galdu arte. Gero lau hanka atera zitzaizkion eta karratu itxurako ohol soila bilakatu zen, argizaria erditik biribilkatzen zelarik."

 

AMEZKETAKO ARGIZAIOLAK

aitor — 2009/06/03 10:06
Nik dakidala argizaiolen tradizioak inon indarrik baldin badu, Txindoki edo Larrunarri mendiaren azpian kokatzen den Euskal Herriko herri ederrenetakoa den Amezketan du aipatu indar hori.

Jaiero-jaiero oraindik ere familia bakoitzak berea duen eliza barruko sepultura edo hilobiaren gainean argizaiola piztu ohi du domekako hamaiketako meza nagusian. Garai batean opilak eskaintzen zizkieten etxekoek euren asaba zaharrei; opil hauetxek eliza ondoko tabenan ostalariak saltzen omen zituen meza bukatu ostean.
Ez da aukera makala Aralar ingurura txango polit bat eginez Pernandoren herrira joan eta argizaiolen aitzakian apari-meriendatxo bat egiteko.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Felix Pinillosen bilduma Nafarroan ikusgai

Jatorri ezezaguneko argizaiola baten erreplika