Euskararen berri onak... eta txarrak
Datorren domekan, martxoak 2, eguerdiko 12:30ean, Aita Julian Alustiza (1913-2005) zenaren azken liburua aurkeztuko da Aztiriko Aztiri Bat elkartean. Edizioa Paulo Agirrebaltzategik prestatu du eta aurkezpenean bertan zer topatuko dugun adieraziko digu. Paulori lagunduz Joxan Artze poeta eta Felix Ibargutxi kazetaria izango dira, biak Aita Julianen miresleak. Ekitaldia Burdinola elkarteak sustatzen du.
2005. urteko udazkenean Aita Julian Alustizaren hirugarren liburua aurkeztu zen leku horretan bertan, Burdinola elkarteak sustatuta. Artean bizi zen, anaia Pedro bezala, eta, benetan, ekitaldia hunkigarria izan zen. Handik gutxira hil ziren biak.
Aita Julianek oso liburu gutxi utzi dizkigu, baina denak zoragarriak, hunkigarriak... "Lihoaren penak eta nekeak", "Euskal baserriaren inguruan", "Bizinahiaren arnasa" eta, azken hau, "Euskararen berri onak... eta txarrak"