Euriak ez zuen Florenen ibilaldia zapuztu
Euria "bozarka" edo baldeka ari bazuen ere, aurrez erabakitako ibilbidea egin zuten Florenek eta bere jarraitzaileek Korostiaga mendian barrena. Hamar lagun hurbildu ziren zapatu goizean Burdinola elkartearen egoitzaren aurrera, eta ezin, bada, bertan behera utzi ibilaldia.
Ibiladi honetan Korostiagaren hegal bat erakutsi nahi zen, Buskabasotik Zatuira doana hain zuzen, eta honako leku hauetan geratu eta azalpenak eman ziren:
* Muruazpikoa baserria. Laxaroneatik Goenagara zihoan elizbideaz hitz egin zen.
*Muruko iturria. Garai bateko auzo-iturria, metal-ura eta ur beltza ematen dituena.
*Buskabaso. Patrixiok bere txaletetarako egin zituen zundaketak, ura topatzeko. Buskabasoko bi iturriak horrela sortu ziren. Arkazi zuhaitzairen inbasioa. Garai batean Bengoleako olabasoa izandakoa.
*Otaerre. Goenaga baserritik basorako bide zaharrak. Ur muga.
*Iradizabaleta. Uztargilleneko baserriko egileorra eta eskorta.
*Errekabitarte. Gaztaina txarak zer diren. Antzinako Bikuña burdinolaren olabasoa.
*Urkidikorta. Antzinako korta, basoaren erdian zeuden larre biribilak, erabilpen pribaturako.
*Elizbaso. Elizaren basoa. Legazpiko eliza egiteko zurajea hemengo zuhaitzekin egin zen.
*Muñazurraga. Antzinako korta. Gaur egun "alta"-ko kableak pasatzen dira bertatik.
*Zatui baserria. Korta batean eraikia. Antzina Legazpiko udalarena. Baserri zaharra.
*Basterola. Iturria, mintegia.
*Kortatxipi. San Migel auzoko baserrien larre-lekua. Antzina hiru egileor edo txabola.
*Mantxolazar. Gaztelu baten kokalekua ote?
*Madresakon. 1772. urtean buztinezko hodiak jarri ziren bertatik "Korreos" etxearen azpian zegoen iturrira ura eramateko.
*Uztano iturria. Orain desagertua. Bikuñatik Zatuira zihoan herri-bidea.
*Bikuñaaundi. Tabloiak egiteko antzinako zuloa.