ERREKA EGUNA LEGAZPIN
Erreka Eguna Legazpin Datorren irailaren 19an Erreka Egunaren edizio berria ospatuko da Legazpin eta, oraingoan ere, hortxe izango dira herriko ikasleak.
Ekintzaren helburua Urola ibaia eta bere ubideak garbitzea da; goizean zehar arituko gara lan horretan eta eguerdian bukatuko dugu. Amaieran jasotako hondakinak udaletxearen atzealdean pilatuko dira eta parte hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie; eta hori guztia trikitixaren soinuarekin.
Agenda 21eko Forotik Urola ibaia garbitzeko ideia Legazpiko ikasleengandik sortu zen eta horrela adierazi zuten Agenda 21eko Foroaren bileretako batean. Bertan jaso zuten laguntzarekin, 2004ko irailean lehenengo aldiz garbitu zen Urola ibaia eta egun hori jai giroan bizi izan zuten guztiek. Erreka Egunaren lehenengo edizioak honako erakunde hauen laguntza jaso zuen: Udala, Lenbur Fundazioa, CEIDA ingurumen-zentroa, herriko hiru ikastetxeak, Ur Kontsortzioa eta Katagorri eta La Bellota elkarteak. Horrez gain, 100 legazpiarrek baino gehiagok hartu zuten parte. Laguntzaileak eta parte-hartzea mantendu egin dira hurrengo urteetako Erreka Egunetan. Aurten ere parte hartze handia izatea espero dugu.
Aurreko edizioetan bezalaxe, ezinbestekoa izango da izena aldez aurretik ematea, modu horretan parte hartzaile guztiei aseguru bat egiteko. Dagoeneko izena eman daiteke Lenbur Fundazioan edo udaletxean.
Erreka garbitu beharra Urola ibaiertzak ikustea besterik ez dago, horrelako garbiketak egin beharraz ohartarazteko. Izan ere ura nahikoa garbi dago, gaur egun etxeetako eta lantegietako hondakinak zuzenean Urretxu-Zumarragako araztegira bideratzen direlako baina, hala ere, ibaiertzetan edozein motatako hondakinak pilatzen dira: plastikoa, papera, metala, beira, … Seguru asko hondakin horiek guztiak ez dira zuzenean errekara botako baina, sarritan, kalean uzten dena edo lurrera botatzen dena errekara eramaten du haizeak. Bestetik, traste zaharrak biltzeko zerbitzua ondo ez erabiltzeak horrelako ondorioak izaten ditu; izan ere, bilketa egiten ez den egunetan kalean uzten diren traste asko eta asko errekan agertzen dira: koltxoiak, sofak, mikrouhinak (horrelakoak jaso ziren 2005eko Erreka Egunean). 2006ko Erreka Egunean bi tona eta erdi hondakin jaso ziren. Iazko edizioan, aldiz, ez zen tonara iritsi.