Elkartasun astearen kronika eta argazkiak
Aurten Kepa Solana eta Juani Delgado legazpiar preso politikoek 20 urte bete dituztenez espetxean, herriko presoen aldeko elkartasun astea burutu zen “20 urte espetxean, 20 urte borrokan” lemapean, asteazkenetik hasita larunbata arte. Egun horietan zehar, bideo emanaldia, hitzaldia, enkartelada, mendi martxa, bazkaria eta kontzertuak izan dira, besteak beste.
Oro har balorazio positiboa egiten dugu, burututako ekimen horien bidez herria geldirik ez dagoela erakusteaz gain, herrian presoen gaia aktualitate izatea lortu baitugu. Buruturiko ekintza gehienetan jende askorik ez izan arren, ondo atera direla eta oso baliagarriak izan direla esan daiteke. Hor kokatu behar ditugu esaterako asteazkeneko “Leiho Hautsiaren Teoria” dokumentala edota osteguneko hitzaldia, zeinetan Etxerateko kide batek eta preso ohi batek parte hartu zuten. Izan ere, aipatutako bi ekintza horietan jende gutxi elkartu bazen ere, bertaratutakoek interes handia erakutsi zuten eta presoek bizi duten egoera latzaren berri izan zuten. Bi egun horietan besteak beste, dispertsioaren ondorioez, preso gaixoen egoeraz, torturaz edota Parot Doktrinaren inguruan hitz egin eta hausnartu genuen.
Ostiralean, berriz, ertzaintzaren probokazioen gainetik Legazpin euskal preso politikoen aldeko oihua ozen entzun zela esan beharra dago. Salatzekoa da arratsalde horretan ertzaintza presoen argazkiak agertzen ziren kartel batzuk zeudela aitzakiatzat hartuz Arrano tabernara sartu zela. Ordu batzuk geroago ere, enkartelada amaitzear zenean ertzaintza azaldu zen eta bi pertsona identifikatu zituen.
Larunbata egun borobila izan zen, eta nahiz eta mendi martxan 20 pertsona inguruk parte hartu sekulako giroa egon zen. Gozeko 9etan udaletxe parean elkartu ginen eta bertatik Gurutzera eta ondoren Arranoaitz mendira joan ginen. Bertan taldeko argazki bat atera eta gero, Lakiolara iritsi ginen 12ak aldera. Bertan, Ramon Gil Ostoaga legazpiar preso politikoa izandakoaren monolitoaren ondoan ekitaldi xumea egin genuen, txalapartari, txistulari eta dantzarien laguntzarekin. Ondoren, Lakiolako aterpetxean salda, txorixoa eta haragi egosia jan eta gero, herrirantz jaisten hasi ginen. Behin herriko Laubide auzora iristean, bertatik eta udaletxeraino bitartean manifestazioa burutu genuen, oso alaia eta aldarrikatzailea izan zena.
Manifestazioa amaitu eta herriko tabernetan pote batzuk hartu ondoren, berriz, Aitxuri tabernan bazkaldu genuen 60 pertsona inguruk. Giro polita egon zen eta musikaren laguntzarekin jendeak asko disfrutatu zuen. Eguneko momenturik hunkigarrienetako bat bazkalostean izan zen, Kepa Solana presoaren semeak bere aitaren gutun bat irakurri zuenean. Arratsaldean herriko tabernetan poteatu eta gero, gauean kontzertuak izan ziren gaztetxean. Herriko bi taldek eta Jo Ta Akatu Legazpiko talde mitikoaren abestien bertsioak jo zituen musikari talde batek parte hartu zuten. Jende asko hurbildu zen gaztetxera eta sekulako giroa egon zela esan beharra dago.
Bukatzeko, aurtengo elkartasun astea azkena izatea espero dugula esan nahi dugu, laster gure preso, iheslari eta lagunak gurekin izatea nahi baitugu. Hala ere, euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitu behar dugula pentsatzen dugu eta horien alde mobilizatzera animatzen ditugu legazpiar guztiak.
Zentzu horretan, Gabonetan, zehazkiago abenduaren 24an eta 31n Legazpin urtero bezala enkarteladak burutuko dira. Era berean, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifetsazio nazionalera joateko deia egiten dugu.
EUSKAL PRESO ETA IHESLARI POLITIKOAK ETXERA!!!
elkartasuna
Urtarrilaren 7ko manifestazioari atxikimendua emateko web orria: www.kolosalaizangoda.info
Inoiz baino inportanteagoa da presoen eskubideen alde mobilizatzea, beraz Urtarrilaren 7an DENOK BILBORA!!!
Garaipena gurea da
urtarrilak 7
*Gaixo dauden presoak askatu.
*Parot Doktrina indargabetu.
*Zigorraren 3/4ak bete diztuztenak askatu.
*Euskal Presoak Euskal Herrira.
*.........
Ni ere Urtarrilaren 7an Bilbora jungo naiz.