Bittor Agirreren lekukotza
Bertsozale Elkartearen Xenpelar dokumentazio zentroa bertsolari beteranoen lekukotzak jasotzen ari da. Esaterako, Roman Maiz "Okelar" bertsolari mutrikuarrari egin zioten elkarrizketa eta orain Bittorri berari eta Koxme Lizaso oiartzuarrari egingo diete.
Historia luzea du Bittor Agirrek bertsolaritzan. Hirurogeiko hamarkadan hasi eta bertso saio eta txapelketa ugaritan hartu du parte. Esaterako, Arrasaten hemezortzi aldiz jarraian kantatua da San Isidrotan. Lehengo eta oraingo bertsolari handienekin egin ditu saioak eta sariketetan ere curriculum ederra du.
Esperientzia zabal hori jaso nahi izan du bertsozale elkarteak eta datorren astelehenean bere jaiotetxean, Barrendiola baserrian, kameren aurrean egingo diote elkarrizketa luze-zabala.