Baserriari aitortza
Goimenek antolatuta, "Baserritarra Natur Zaintzaile" sariketaren bigarren ekitaldiaren barruan, besteren artean, Legazpiko 21 baserri saritu zituzten larunbatean, Kultur Etxean egindako ekitaldian. Tartean da Makatza baserria, Birminghamen gazta-egileen artean munduko txapeldun izendatu berria. Hil berri den Muntegi baserriko Jabier Telleria ere gogoan izan zuten ekitaldian.
Ezkio-Itsaso, Urretxu, Zumarraga, Ormaiztegi eta Legazpiko 54 baserri saritu zituzten bi arlotan: baserritik bizi direnen arloan batzuk eta jarduera mistoan besteak. Etxearen eta inguruaren zainketa, nekazaritza jardueraren oreka eta ingurumenarekiko jarrera dira sariketa honek kontuan hartzen dituenak.
Hauek izan ziren Legazpiko baserri sarituak:
Baserritik bizi direnak: Arizti Goikoa, Egizabal, Erraizabal, Igaralde Goena, Makatza, Muntegi eta Urtatza.
Jarduera mistokoak: Agirrezabal biak, Astaola, Barrendiola, Biurrain, Egizear, Eguzkitza, Elortza, Lakiola Haundi, Muru, Telleri, Uerkalde, Zabaleta eta Zelanda Bekoa.
Muntegi baserriak jasotako saria bereziki hunkigarria izan zen. Izan ere, aste honetan hil da bertako Jabier Muntegi baserritarra. Duela gutxi hil den Urretxuko Erratzu Goiko Inaxio Salaberria ere gogoan izan zuten ekitaldian.
Bestalde, aipatzekoa da Makatza baserriaren kasua. Denbora gutxian jaso duen bigarren saria du. Izan ere, Birminghamen egindako munduko gazta txapelketan urrea eta brontzea lortu zituen Idiazabal gazta aurkezten den modalitatean. Lau urte dira Idiazabal Izendapeneko gaztak txapelketa horretara aurkezten direla eta aurten 46 sari lortu dituzte. Sari garrantzitsu hori Iruñean jaso zuen Pedro Gabiriak.