Antzerkia: "Ahuntza edo Nor da Silvia?"
Urriak 23, ostirala gaueko 22:30etan Latxartegi Aretoan izango da. Sarrera 10 € ; Euskaltegiko Txarteldun eta 18 urtetik beherakoentzat 5 €.
Txalo Produkzioak aurkezten digu Edward Albeeren antzezlan hau. Taularatuko diren antzezleak oso ezaguna dira: Ramon Agirre, Ane Gabarain, Asier Hormaza eta Asier Oruesagasti.
Sinopsia:
AHUNTZA tragedia bat da. Drama sutsu eta mingarri bat, maitasunaren, zeloen eta idealen muina jotzen duena zuzenean.
Obra-hasieran Martin aurkezten da, Pritzker sari entzutetsua irabazi berri duen izen handiko arkitektoa, baita Elena ere, haren emazte maitea. Une dibertigarriak ematen dituzte biek: elkarrizketa zorrotzak, erantzun burutsuak eta broma konplizeak. Bikote perfektua da, itxuraz. Baina senar-emazte perfektu horiek, bizitza ia perfektu hori mila puskatan hausten dira.
Hausketa gertatzen da Martinek aitortzen duenean Silviarekin maiteminduta dagoela zeharo. Baina Silvia ahuntz bat da. Hortik aurrera, Martinen inguruko guztiek animalia balitz bezala ikusten dute, basapiztia balitz bezala. Albeek giza izaera aztertzen du modu suntsitzaile, absurdu eta probokatzailean.
Adi antzerkizaleok, zeren hau izango da denbora luze batez Legazpin ikusiko dugun profesional mailako azken antzerkia. Aprobetxatu ezazue azken aukera hau.