An education
Legazpiko Zine-Klub taldeak film hau emango du urtarrilaren 28an, gaueko 22:15etatik aurrera, eta urtarrilaren 30ean (igandea) arratsaldeko 19:30etan, Latxartegi aretoan.
AN EDUCATION
Zuzendaria: Lone Scherfig. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2009. Iraupena: 102 min. Generoa: Drama, erromantzea. Aktoreak: Peter Sarsgaard (David), Carey Mulligan (Jenny), Alfred Molina (Jack), Rosamund Pike (Helen), Dominic Cooper (Danny), Olivia Williams (Stubbs and), Emma Thompson (zuzendaria), Cara Seymour (Marjorie), Matthew Beard (Graham), Sally Hawkins (Sarah). Gidoia: Nick Hornby; Lynn Barber kazetariaren oroitzapenetan oinarrituta. Produkzioa: Finola Dwyer eta Amanda Posey. Musika: Paul Englishby. Argazkia: John de Borman. Muntaketa: Barney Pilling. Produkzioko diseinua: Andrew McAlpine. Jantziak: Odile Dicks-Mireaux.
60. hamarkadaren hasieran Londonen, Jenny bohemio bizierarekin amets egiten duen ikasle aplikatua da baina aitak bere benetako etorkizuna Oxfordeko unibertsitatean dagoela uste du. Egun euritsu baten, Jennyk David ezagutzen du, senargaia izatera iristen den gizon heldua; Davidek, gainera, Jennyren guraso kontserbadoreak alde edukitzea lortzen du. Davidekin neska gaztea beste heziketa-mota bat ezagutuko du, giro sofistikatuan arnasten dena, eta neskak birplanteatu egiten du bere etorkizuna. Carey Mulligan aktoreak oso ondo eramaten du filmaren pisua. Aktore gazteak buruargitasuna eta trebetasuna erakusten du film osoan zehar.
Filmaren zuzendaria emakumea da, Lone Scherfig daniarra eta beste emakume batek, Lynn Barber kazetariak idatzi dituen bere oroitzapenetan oinarritu da filma egiteko. Drama erromantiko hau London, Oxford eta Paris hirietan gertatzen da. Lone Scherfig zuzendariak eszenaratze garbia eta orekatua egiten du. “An education” filmean zuzendariak bizitzari eskaintzen dion kantu zirraragarria eraikitzen du eta, era berean, arimarik eta sentimendurik gabeko diziplina zorrotzean oinarritzen den hezkuntza-sistema kritikatzen du. Emakume izan nahi duen neska gaztean lehertzen diren askatasun- eta maitasun-nahiak ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da familia eta eskola behatzea eta aitak dituen beldurrak edo eskolan arnasten den ikuspegi estua ikustea.
“An education” filmak gai asko ukitzen ditu: gizarte estuaren erradiografia egiten du, materialismoan eta moralismo zaharkituan oinarrituta eta egonkortuta dagoen burgesia erakusten du, Europako historiaren garai garrantzitsu batean emakumeen askatasun sozial eta intelektualaren berri ematen du, erosokeriaren ilusioaren bidez norberaren garapena nola lortzen den azaltzen du eta, azkenik, intereseko maitasunen hutsalkeria jartzen du agerian.