Amerrika (Amreeka)
Ostiral honetan Legazpi Zine-Klub taldeak film hau eskainiko du 22:15etatik aurrera Latxartegi Aretoan
Amerrika
Jatorrizko titulua: Amreeka. Zuzendaritza eta gidoia: Cherien Dabis. Lurraldeak: Estatu Batuak, Kanada eta Kuwait. Urtea: 2009. Iraupena: 96 min. Generoa: Drama. Aktoreak: Nisreen Faour (Muna), Melkar Muallem (Fadi), Hiam Abbass (Raghda), Yussef Abu-Warda (Nabeel), Alia Shawkat (Salma), Joseph Ziegler (Novatski jn.), Amer Hlehel (Samer). Produkzioa: Christina Piovesan eta Paul Barkin. Musika: Kareem Roustum. Argazkia: Tobias Datum. Muntaketa: Keith Reamer. Produkzioko diseinua: Aidan Leroux. Jantziak: Patricia J. Henderson.
Filmaren zuzendaria Mendebalde Ertainean jaiotako gazte palestinarra da. Hamalau urte zituenean etxeko bideoak grabatzen zituen eta bere lehenengo lan handian kontatzen duen ia guztia bizi, pairatu eta jasan izan du. Filmak Canneseko eta Sundanceko zine-jaialdietan ikusi da eta Errealizadoreen Donostiako hamabostaldian FIFRESCIren saria jaso zuen. Gai gatazkatsuak agerian jartzen dituen asmo oneko filma da. Gai horien artean aurkitzen ditugu honako hauek: juduen eta palestinarren arteko harremana, Zisjordanian atsedenik gabe bizi den tentsioa eta bere herrialdetik kanpo bizi den edozein arabiarrek buru gainean daraman terrorismoaren estigma. Horrezaz gain badira bestelako gaiak filmean: seme-alaben arteko harremana edo lan bila ibiltzea.
Amerrika filmak Illinoisen bizi den familia palestinar-jordaniarraren eguneroko bizitzari buruz hitz egiten digu. Familiako kideek ez dute xenofobiako leherketa handiak jasaten baina bai eguneroko arrazakeria, leuna, ez bortitza, baina hezurrak eta arima xurgatzen dituena. Amerika Zisjordanian hasten da eta Estatu Batuetako Illinoiseko herri txikiraino iristen da. Paperaren gainean, banandutako emakume batek bere seme nerabearekin Zisjordaniatik Estatu Batuetara egiten duen bidaiaren erretratua da. Bidaia Zisjordaniako kontrol-mugetan hasten da eta mundu berrira iristen denean aurkitzen dituzten arazoak azaltzen dira: gizarte berrian ez dira ongi hartuak sentitzen, baztertuta sentitzen dira atzerritarrak direlako, arabiarrak gainera eta, beraz, terroristak eta musulmanak izan daitezke. Horrezaz gain, pobreak dira, paperik gabekoak eta lan gabekoak. Filmean, bestalde, norberaren kultura baztertu gabe kultura berria ulertzeko ahalegina erakusten da.