Aizkorriko ondarea eta natura
Burdinola elkarteak ohar batean adierazi duenez, Aizkorrin Barrena mendi martxako ibilbideak diseinatzerakoan hainbat faktore izan dira kontuan eta, horien artean, historikoak eta naturaren ingurukoak pisu handia izan dute. Ez dira, beraz, edonola aukeratutako ibilbideak izan. Hori dela eta, urriaren 12an aukera izango dugu Legazpi eta Aizkorri beste ikuspegi batetik ere ezagutzeko.
BIDE HISTORIKOAK
Bi ibilbideetan hiru bide historiko nabarmendu daitezke, Legazpiko historian izan duten pisu handiarengatik:
Aitzondoko mandabidea: Legazpitik Araba aldera joateko bide zaharra. Hori zen Zalduendora eta Galarretara joateko biderik motzena.
Erromes Bidea: zegamarrak eta zeraindarrak bide honetatik joaten ziren Arantzazura erromes. Aizkorrin Barrena mendi martxarako aspaldiko 50 urtetan erabiltzen ez den bide zatia garbitu dugu, Intzuntzaetatik Txiplategietara bitartekoa.
Biozkornako bidea: Legazpitik Araba aldera, Urbian barrena, doan bidea. Bide gatazkatsua XVI. mendean, Segurarekin sortu ziren tirabirengatik. Bide horren lehenengo zatia Legazpiko Erromes Bidea da.
Sandratiko atea
BURDINOLAK
Ibilbidearen hasieran, Igeraldetik Brinkolazar bitartean, garai batean lau burdinola ere bazeuden: Olazar, Arabaolatza, Gibelola eta Brinkola. Olazar burdinolaren pareta zaharrek zutik diraute eta Arabaolatza auzoan, burdinolaren jabea bizi zen etxea ikus daiteke: Etxeaundi. Aldamenean, Guridi deituraren sorlekua: Guriditegi, armarri eta guzti.
Burdingintzak garrantzi handia izan zuen Legazpin eta, hori dela eta, eskubide zabalak zituen Araba eta Gipuzkoako Partzuergoan bertatik egurra ateratzeko (eta egur horrekin ikatza egiteko). Horren ondorioz, Legazpirenak dira Oltzako 165 Ha-tan zabaltzen diren arbolak. Ibilbide handia bertatik igaroko da.
Oltzeko basoa
IZENAK
Euskal Herriko bazter guztietan bezala Legazpin ere antzinako leku-izenak gorde dira gaur egunera arte. Aizkorrin Barrena ibilbideetan honako hauetatik igaroko gara, besteak beste:
Olazar – Arabaolatzanea [Guriditegi ere deitua]– Gibelola – Iruerrekaeta – Antsumaitz – Urkurutza - Oazurtza – Intzuntzaeta – Altzolazabal – Arlepo – Txiplategieta – Arriurdin – Amabirjiñaren sillea – Katabera – Nardegi – Jandoain – Trikuetxeta – Bederatziiturrieta – Barrendiola
Baita hauetatik ere: Iturzabal – Santiespiritu – Sandrati – Portugaña – Oltza -Arbelar – Aizkorritxo – Artzanburuzabal
Amabirjiñaren sillea
Amabirjiñaren sillea
Ni, 7 urterekin eseri nintzen lehenengo aldiz silla horretan.
Lehen, garai batean, 7 urterekin egiten zen lehenengo "komunioa" edo "komunio" txikia. (handia, edo 2.a egiterik ez zitzaidan suertatu)
Urte horretan bertan, irailaren 8an, Legazpiko peregrinazio egunean ez zegoen hutsegiterik Arantzazun. Gu,5 umeok "komunioa" egin ahala aitarekin oinez joaten ginen Arantzazura.
Bezperan, bazkal ondoren ateratzen ginen mendian gora. Aittek, esku banatan makila eramaten zuen, gu atzetik ginela, aldaparik bizienetan laguntzeko (benetako pazientzia!)
Amabirjiñaren sillara heldu ondoren, bertan, txandaka esertzen ginen, eskerrak emateko eta geratzen zitzaigun bidean laguntzeko eskatuz.
Mokadutxoren bat jan eta Amabirjiñaren iturrira artekoa atxintxika batean egiten genuen. Hor, ur trago freskoa edan ondoren(bedeinkatua zela zioen gure aittek) Arantzazura iristen ginen.
Gure zain egoten ziren bertakoak, otorduak eta lotokia eskaintzeko. (pribilejiatuak bakinen)
Hurrengo egunean 8an, ondo apaindu, gosaldu eta mezatara, noski! Bazkal ondoren Amabirjiñari agur egin eta gero, "Oñatiarra" autobusa hartu eta etxera.
Ama zain egoten zen gertatutakoaren berri jakiteko irrikaz.